Gipuzkoako Eskola Txikiak
koordinakundeaeskolakfesta
aurkezpenaharremanakekimenak

IRAKASLEEN ARTEKO HARREMANAK

1987. urtean, irakasle talde batek bultzatuta eta eskola txikien balioaz jabeturik, elkarlanari ekin genion.
Eskola txikien garrantzia aldarrikatzea, horien arazoak plazaratzea eta irakasleen formazioa eta koordinazioa izan zen abiapuntu.

Urte asko dira beraz, elkarlanean eman ditugunak eta tartean, aldaketa eta egokitzapen ugari egin behar izan ditugu. Esan bezala, elkarlana izan bada ere gure indarra, bidean gora behera ugariekin egin dugu topo, koordinatzailearen irudiarekin besteak beste. Gorabeherak- gorabehera, une honetan koordinatzailea berritzegunetik kanpo dago eta proiektu batean oinarritzen du bere lana.

Proiektu honen xede nagusia, eskola txikien mugimendua indartzea, arazoak ikusi eta irtenbideak proposatu, proiektu berritzaileak bultzatu eta koordinatu eta eskolen arteko harremanak bultzatzea da.

Proiektu honen helburuak lortzeko honela antolatzen gara:

  • Koordinatzailea: proiektua koordinatuko du eta Batzorde Eragileak erabakitako ekimenak aurrera eramango ditu, aktak jasoko ditu, dokumentuak ordenatu eta zainduko ditu…
  • Batzorde eragilea: proiektuaren zehaztapenak, norabideak, ebaluazioa egingo du. Eskola Txikietako beharrak aurreikusiko ditu eta lan ildoa bideratuko du. Gutxienez hilean behin bilduko da. Sei lagunez osatuko da, koordinatzailea barne.
  • Zuzendari mintegiak: eskoletako ordezkariak izango dira. Informazioa jaso eta eskoletara eramango dute. Momentuan eskoletan eta irakaskuntzan puri-purian dauden gaiak landuko dituzte; jangelak, eskola mapa… baita Batzorde Eragileak, Eskola Txikiak hobetzeko helburuarekin, proposatutako gaiak ere. Ikasleen arteko harremanak bideratuko dituzte eta baita irakasleen formazioak ere. Gutxienez, hiruhilabetean bi aldiz bilduko dira. Hau dena aurrera eramateko bi zonalde desberdinetan biltzen gara, Zarautz eta Lasarteko berritzegunetan.
  • Durangoko foroa: Bizkaiko eskola eta gurasoekin koordinatu, administrazioekin egin beharreko bilerak prestatu, Eskola Txikitako topaketak prestatu…
  • Formazioak:
    • IKT : 7 eskola txikik jasotzen dute berritzeguneko aholkulariaren laguntza, eta teknologia berriak gure eskoletan ezartzea dute helburu.
    • HNP: Orixe institutuan biltzen dira hainbat Eskola Txiki, normalkuntza proiektua sustatzeko.
    • ADIN ANIZTASUNA: formazio hau 07/08 ikasturtean jarri genuen martxan. Une honetan, Bizkaiko eta Gipuzkoako, 37 eskola eta 166 irakasle dabiltza buru-belarri proiektu honetan. Gela berberean adin desberdinak izatea, abantaila bezala bizitzea eta gure curriculuma horretara egokitzea, metodologi egokia erabiliz, izango dira laburbilduz mintegi honen helburuak. Partaide kopuruari erreparatuz, jabetu gaitezke mintegi honen beharraz eta arrakastaz.
    • TOPAKETAK: ikasturte bukaeran egiten ditugu. 2008. urtekoetan, 120 irakasle eta 12 gurasok parte hartu zuten. Bertan, beste gauza batzuen artean, eskoletan egindako proiektu desberdinen azalpenak egiten dira. Baita aditu baten hitzaldia ere eta gurasoen arteko tailerra. Topaketa hauek, duda izpirik gabe, animu eta ilusioa jasotzeko bilgunea bihurtu zaizkigu.

Gora

logo ehigelogo baikara© Gipuzkoako Eskola Txikietako Guraso Elkarteen Koordinakundea logo eskola txikiaklogo bai euskarari