Aniztasuna aberastasuna da

Aniztasuna da aberastasuna. Ikuspegi horretan ez dakar aldaketarik paradigma berriak, beraz, pentsa dezakegu gure esentzietako bat dela. Izan ere, nolakoak gara galderaren lehenengo erantzuna urte askotan zehar izan da anitzak gara, bai 26 eskolak, bai 26 herri edo auzoak, eta baita, eskola bakoitzeko partaide guztiak ere. Horri eutsi egin behar diogu.

Adin aniztasuna da, ordea, Eskola Txikiok elkartzen gaituen talde proiektu honen oinarria edo esentzia nagusia, gure printzipioetako bat, hain zuzen ere.  Adin ezberdinetako ikasleak elkartzeak interakzioa aberastu egiten du; pentsaera, estrategia, bizipen, jarrera anitzagoak sorrarazten ditu; ikasleen arteko harremanak errealagoak egiten ditu; kooperazioa indartzeko eta konpetibitatea ahultzeko bideak zabaltzen ditu; elkarrengandik eta elkarrekin ikasteko ditugun aukerak areagotzen ditu …

Hau guztia kontuan izanik, uste  dugu irakasleok erronka bat daukagula esku artean, ikasle anitz guztiei ahalik eta modu onenenan erantzutea, guztiengana iristea, bere eguneroko errealitatea zein den jakitea eta informazio horrekin bere ikaste prozesua ahalik eta onena izan dadin lortzea.