Eskola Txikien momentuko testuingurua

 Eskola Txikiak herri txiki eta auzoetan kokatuta dauden eskolak dira. Harreman zuzena dute naturarekin, eta gaur egun, biztanleriaren bizitzeko erak anitzak izan arren, landa eremuak duen garrantzia sumatzen da toki horietan.

Eskola Publikoak dira eta herriko edo auzoko eskaintza bakarra izaten da, Hezkuntza Sailaren administrazioaren mendean  daude. Eskola euskaldunak dira, landa eremu horietako askotan euskara baita oraindik ere eguneroko hizkuntza nagusia. Euskal kulturaren hainbat alderdi oso errotuak daude herri eta auzo txiki horietako askotan.

Kasurik gehienetan, 2 urtetik hasi eta 12 urtera arteko umeak hartzen dituzte eskoletan, nahiz eta, bestelako kasuak ere badiren. Gela berean zenbait adinetako ikasleak elkartzen dira eta harremanak oso aberatsak izan ohi dira eta elkarreragina eta kooperazioa era naturalean sustatzen dira.

Eskola Txikia gaur egungo eskola da. Gainera, eskola bakoitza komunitate txiki bat da, non ikasle bakoitzak, bere ikasketen protagonista izanik, besteekin batera eta elkarreraginean ikasten duen.

Eskola Txikietako irakasleek eta gurasoek hartu eman estua dute. Eskola hurbil sentitzen dute herritarrek. Udalaren inplikazioa ere oso garrantzitsua dela deritzogu herri eta auzo txiki hauen eguneroko bizitzarako.

Pertsonen arteko harremanak bultzatzen dituzten agenteen artean eskola erakunde garrantzitsuenetako bat izan ohi da Eskola Txikien kasuan, bai umeen artean, baita helduen artean ere. Herri txikietan, eskolak integraziorako eta gizarte inklusiorako bidea errazteko lan biziki garrantzitsua egiten du.

Eskola Txikien arteko harremanak ugariak dira, eta, taldearen izaera indartzeaz gainera, zenbaitetan, elkarlanerako bidea egiten laguntzen du.