Lanaren antolaketa

 

Ardatz Nagusi hauek jarraitu nahirik, gelako lana antolatzeko erabiltzen ditugun irizpide nagusiak ondokoak dira:

  • Lan egiteko era irekia, malgua eta beharretara moldagarria (abaniko zabal baten antzekoa, emankorra den metodologia, ikasleen garapena bultzatzeko bideak bilatzen dituena etengabe, aldaketetara eta ikasleen beharretara malgutasunez moldatzen dena). Metodo izatetik behin eta berriz ihes egiten duena.
  • Elkarrekiko interakzioa eta inplikazioa era irekian eta adostasunez ematen da. Interakzioa era naturalean eman daiteke, baina, bilatu ere egiten dugu: ikasleen artean, gelen artean, irakasleen artean, guraso eta irakasleen artean …
  • Egiten dena ikasleen motibagarri izatea oinarrizkotzat ikusten da (nork bere lanerako desio duen hori, gustukoa izatea, gustura aritzea, nahiz eta askotan esfortzua eskatu).
  • Ikasleen parte hartze aktiboa eta protagonismoa bilatzen da.
  • Ikasleen interesguneei edota eurengan interesa pizteari garrantzi berezia ematen zaio.
  • Esperimentazioa, manipulazioa, ikas objektuarekiko interakzioa … oinarrizkoak direla sentitzen dugu eta egoera didaktikoak hori bideratzera eramaten saiatzen gara.
  • Berrikuntza pedagogikoarekin konpromiso berezia sentitzen dugu.

Irizpide nagusi hauek jarraitu nahirik curriculumaren antolaketa geure beharretara egokitzen dugu eta lan prozesu desberdinak erabiltzen ditugu ikasleek euren ibilbide akademikoan zein garapen prozesuan aurrera egin dezaten:

  • Proiektuen/lanen/sekuentzia didaktikoen abiapuntua honela egiten dugu:
    • Zenbait kasutan, irakasleok aurrez diseinatzen ditugu sekuentzia didaktikoak.
    • Beste batzuetan, ikasleen interesetatik abiatzen gara eta irakasleok egoera didaktikoak sortzea lortu behar dugu.
    • Beste batzuetan, Irakasleok gai bat planteatzen dugu eta ikasleek lanaren ildoa markatzen dute: zer egin? Zertarako egin? Nola egin?
    • Eta beste batzuetan, azken xede, helburu edo egiteko bat zehazten dugu eta hori lortzeko bidean egin beharreko lanak egoera didaktiko bihurtzen ditugu.

Aipatu ditugun lanaren antolaketarako irizpideak jarraitzeko eta curriculumaren antolamendua osatzeko, irakasleak ondoko rolak bete behar dituela pentsatzen dugu:

  • Gidariaren rola
  • Adituaren rola
  • Behatzailearen rola
  • Erronka sortzailearen rola
  • Laguntzailearen rola
  • Pertsona helduaren rola