Ardatz nagusiak

 

  • Ikuspegi konstruktibista

Konstruktibismoa  ikaste prozesua azaltzen duen teoria filosofiko pedagogiko bat da. Teoria honen arabera, ikaslea bera da bere ikaskuntza-prozesua eraikitzen duena,  eta horretarako, aurreko jakintza eta trebezietatik abiatzen da jakintza berria ikastera. Beharrezkoa da, beraz, haurra ikaste prozesu hori ahalbidetuko duen egoera esanguratsuetan eta ezberdinetan kokatzea.

Horrela, irakaslearen eginkizun nagusia ikaslea bera ezagutzea da, eta horrekin batera, ikasle horrek ikasi beharrekoa barneratzeko egoera didaktikoak diseinatzea. Garrantzitsua da, gainera, ikasleen interesa piztuko duten egoerak pentsatzea, horri esker lortzen baita ikaslearen ikaste prozesua benetan esanguratsua izatea eta jakintza, abilezia edo gaitasun berria barneratzea.

Ikuspegi honi esker, ohartzen gara umearen autonomia garatzea guztiz beharrezkoa dela, bai bere ikaste prozesua normaltasunez garatzeko, baita ikasten ikasteko gaitasuna ahalik eta gehien garatzeko ere. Horretarako, ordea,  ardura, autonomia eta konfiantza aldi berean eskaini eta sentiarazi behar dizkiogu bere ikaste prozesuan: konfiantza, egingo duen hori baliagarria eta egokia izango dela sentiaraziz; autonomia, bere kabuz eta bere moduekin egiten onartuz eta utziz; eta ardura, eskatutako lanaren erantzukizuna ulertaraziz.

  • Aniztasuna aberastasuna da

Aniztasuna ulertzeko modu desberdinak egon daitezke. Gure kasuan, daukagun aniztasun guztia aberasgarria dela pentsatzen dugu. Hori dela eta, ikasleen aniztasunak indartzen saiatzen gara eskolan, norbanakoak izan dezakeen edozein gaitasun beste edozeinen parean jarriz.

Hori horrela ulertzen dugularik, beharrezkoa da ume guztiak desberdinak direla kontuan hartzea, eta aldi berean, biziko dituzten ikaste prozesu guztiak ere desberdinak izango direla ulertzea. Horregatik, umeen aniztasun horri egoera anitzak eskaintzen dizkiogu, egoera didaktiko  ugari eta desberdinak, gaitasun ezberdinak garatzeko modukoak, eta garrantzitsuena dena, ume guztiek ikasiko dutela eta garapenean aurrera egingo dutela bermatzeko modukoak.

  • Interakzioa beharrezkoa da

Aurretik ere aipatua dago ikaslea bera dela bere ikaste prozesua eraikitzen duena. Hori gertatzeko, ordea, interakzioa beharrezkoa izango da, interakzio desberdinak, hain zuzen ere.

Hasteko, ikaste objektuarekiko interakzio bat ematea guztiz beharrezkoa dela iruditzen zaigu. Beharrezkoa izango da ikaslea ikasten ari den jakintza, abilezia edo gaitasuna erabiltzeko moduko egoerak pentsatzea eta antolatzea. Hori dela eta, interakzio hori benetan gertatu dadin, curriculumaren antolamendua gertukotik abiatuz  prestatzen dugu, ikaslearen ingurunean  edo hurbilean dagoenetik abiatuz.

Ikasleen arteko interakzio sozialari ere garrantzi handia ematen diogu. Elkarrengandik eta elkarrekiko interakzioan ikasten dutenak eragin handia duela pentsatzen dugu euren garapen prozesuan. Horregatik, adin ezberdinetakoak diren ikasleen arteko taldeak ditugu eskolan, baina, aldi berean, ikastaldeen arteko interakzioa ere bilatzen dugu.

Amaitzeko, ikasleak irakasleekin izango duen interakzioa ere zaindua, prestatua eta aberasgarria izan behar dela pentsatzen dugu. Irakasleak izan beharko du haurrei erronkak planteatuko dizkien pertsonetako bat, euren garapenean aurrera egiteko biderik onenak deskubrituz.

  • Kooperazioa beharrezkoa da

Amaitzeko, interakzioa eraginkorra izan dadin, lanaren planteamendu kooperatiboak egin behar ditugula pentsatzen dugu. Jarrera kooperatiboak garatzea beharrezkoa da gaurko gizarterako, eta aldi berean, ikasleen motibazioa indartzen laguntzen dute lanerako egiten ditugun planteamendu kooperatiboek.

Kooperazio hau ikasgelatik kanpora eraman nahi izaten dugu, hau da, herrira, auzora. Eta herritarrekin eta auzokideekin ere kooperatzeko eta interakzioa sortzeko moduko bideak bilatzen ditugu.