Aniztasunari erantzutea

 

Nahiz eta aniztasuna modu zabalean ulertzen dugun, ezin dugu ahaztu arreta berezia merezi duten zenbait kasu sortzen direla tarteka. Horregatik, ikasle guztien garapena lortzeko, eskolako partaide guztion inplikazioa eta hausnarketa bilatuko duen antolaketa, prozedura eta koordinazioa bultzatu behar ditugu. Kontuan izanik eskolan dauden ikasle guztiak irakasle guztion ardurapean daudela eta euren garapena ahalik eta gehiena eta onena izatea  helburu dugula, eskola mailako hainbat erabaki hartu beharrean gaude egoera bereziak sortzen diren kasuetan ikasleek  jasotzen duten arreta eraginkorra izan dadin.

  • Antolaketa

Irakasle guztiok ikasle guztion irakasle izanik, guztioi dagokigu haurrek izan ditzaketen ikasteko zailtasunak atzematea. Ardura hori urtez urte eskolako haur guztiekin garatzen joango gara, nahiz eta, ikasle bakoitzaren garapenaren zaintzaren arduradun nagusia haur horren tutorea izan.

Ikasleekin hartzen ditugun erabakiak irakasle guztion artean adostuak izatea lortu beharko dugu, izan ere, zailtasunak dituzten ikasleei etorkizunean emango zaien arreta zer nolakoa izango den zehazteko adostasuna lortzeak berebiziko garrantzia hartzen du.

Horretarako, irakasle guztiok koordinatzeko ordu bat hartu beharko dugu astean. Saio horretan ikasleekin bizitako esperientziei buruz arituko gara eta zerbait aipagarririk balego, eman beharreko pausoak zehazten saiatuko gara.

Eskolan antolatzen saiatuko garen laguntza Hezkuntza Proiektuaren oinarriekiko errespetuzkoa izango da, noski, eta eskolaren antolaketak ematen dizkigun aukerak malgutasunez aprobetxatzen saiatuko gara, bai taldekatze aldetik, baita ikasleen behar eta erritmoen aldetik ere.

Laguntzen diseinurako oinarrizko informazioa emango digu familiak, bai ikaslearen egoerari dagokionean, baita etxean bizi dutenaren inguruan ere. Familiarekiko tratuan kontu handiz arituko gara, bakoitzaren esparrua errespetatuz eta ikasleari buruzko iritzien azalpenak ondo neurtuz.

  • Eskolako prozedura

Esan bezala, eskolako prozedura irakasleen arteko elkarrizketetan eta familiarekiko harreman estuan oinarrituko da. Hortik lortuko dugu protokolo ofizialak hasi edo ez hasi erabakitzeko behar adina informazio.

Zailtasunak ikusten ditugunean, irakasleon arteko koordinazioan landu beharko dira. Bertatik erabakiko dira aurrera begira egin beharreko pausoak.

Behin zailtasunak benetako direla egiaztatzen dugunean ohiko prozedurak hasiko dira martxan.