Zergatik paradigma berri bat?

Zergatik paradigma aldaketa berri bat? Eskola Txikion identitatearen bila …

Gauza jakina da Eskola Txikiak herri eta auzo txikietan dauden eskolak direla, Gipuzkoan 26 Eskola Txiki gara momentu honetan. Ezaugarri propioak ditugu, noski, baina baditugu orokorrean ditugunak ere:

– Herriko edo auzoko ume gehienak bertan eskolarizatuak daude eta adin ezberdinetako taldeetan biltzen dira ikasgeletan.

– Herri edo auzoko eskola bakarra izaten da.

– Euskalduna.

– Herrian integratua, herriarekin eta herriarentzat lanean diharduena.

Azken ezaugarri hau guretzat zaharra eta berria da.

Historian zehar zergatik berritzen dira behin eta berriro gai zaharrak? Nortzuk gara? Nora goaz? Kultura guztietan eta belaunaldi guztietan galdera hauek ziklo bat egiten dute eta berriz mahai gaineratu beharra sortzen zaigu. Egoera horretan gaudela pentsaturik, Eskola txikiotan jarraitu nahi dugun Hezkuntza Paradigma Berria konpartitzeari ekin nahi diogu. Nor gara Eskola Txikiak? Noruntz goaz Eskola Txikiak? Norantz joan nahi dugu Eskola Txikiak?

Ohartu gara, dagoeneko, galdera horien erantzun asko betiko hitzetan daudela: herria, komunitatea, identitatea, erroak, ikaslea, herritarra … Baina, behin eta berriz erabili izanaren ondorioz edo, hitzok hutsalak bihurtu daitezke eta esanahigabetuak gelditu. Horregatik hitzok zentzuz bete eta tentuz erabili beharraz konturatu gara.

Eskola Txikion historia propioan zehar galdera hauetako batzuk lehenetsi beharra izan dugu momentuko egoera eta beharraren arabera. Hasiera batean “nortzuk gara?” galderari erantzutea izan zen hil ala biziko premia. Momentu hartako egoerak hala behartuta “Eskola Txikiak bizirik, herri eta auzo txikiak bizirik” lemapean elkartzen hasi ginen. Gure biziraupena herritarren konfiantzarekin estuki lotua zegoen momentu hartan. Herriko eskolan asko eta ondo ikasten zela demostratu behar izan genuen pixkanaka pixkanaka gure Eskola Txikien egoera hobetuz. Geroago, LOGSE legeak ekarri zuen erreformatik, Eskola Txiki asko indartuta atera ginen. Aurretik nortasuna garatzeko egindako hausnarketari esker indartsu eta konfiantzaz sentitzen ginen, egoerari modu irmoan aurre egin genion eta uste dugu Eskola Txiki guztiak indartuta atera ginela, batez ere, Lehen Hezkuntza osoa herrian bertan egitea lortu genuenen kasuetan. Honetan gurasoek ere asko egin zuten, herri guztietan oso garrantzitsuak izan ziren hainbat eta hainbat pertsona izan genituen gurekin, handik lasterrera Eskola Txikietako Guraso Koordinakundea sortuz. Eurak ere gu elkartzen ginen bezala elkartzen hasi ziren eta hau, noski, oso garrantzitsua izan zen guretzat. Gurasoak eskola izatearen onurez jabetuak zeuden eta gu ere Eskola Txikietan egiten ari ginenaz harro eta egin genezakeenaren ilusioz beterik geunden.

Ordurako ikuspegi filosofiko eta metodologiko berri bat ezagutzeko parada izan genuen irakasleok. Konstruktibismoaren teoria eta horrek ikas irakaskuntza prozesuaren ikuspegian dakarren aldaketa ezagutzeko aukerak galdera zaharrak berritu zizkigun. Zertan ari ginen gure lanbidean? Nola antolatu nahi genuen gure eskoletako lana? Ez al zen ikuspegi hau gure eskoletako adin aniztasunari erantzuteko modurik onena?  Irakasle talde batek bide horri ekin zion eta haietako askok bide hartan egon ez ginenoi ikasi zuten guztia eskaini digute .

Gaur egun, beste egoera batean gaude. Umeen taldeak asko handitu ez badira ere, Klaustroak nabarmen handitu dira eta aldatu ere bai. Aldaketa hori onerako izan dela uste dugu, baina, aldi berean, Eskola Txikion proiektuak izan beharreko aldaketez hausnartzera eraman gaitu. Nortzuk gara  orain  Eskola Txikiak?  Nolakoak gara  orain  Eskola Txikietan gaudenak? Nolakoak izan nahiko genuke? Galdera asko dira berriro ere, zaharrak, baina, berriak.

Gure ustez, berriz ere, lehenetsi beharreko erantzunak “Nor eta nolakoak garen?” galderenak dira. Uste dugu talde proiektu bat, besteak beste, identitate proiektu bat ere badela, gure kasuan, guztiz. Beraz, garrantzitsua izango da galdera horien erantzunak hausnartzen, bilatzen eta adosten hastea, gure identitatea plazaratzen dugunean guztiok oinarri berdinez hitz egin ahal izan dezagun eta gu kanpotik ikusten gaituenak talde egiten gaituen gure proiektuak erakutsi nahi duena ikusi ahal izan dezan. Ez dakigu ondo ulertuko den esan nahi duguna, baina, azken urteetan Eskola Txikion inguruan egiten diren hausnarketa eta irizpen asko eta asko jaso ditugu, batzuk gustukoak eta beste batzuk ez hain gustukoak, baina, esan edo adierazi nahi izan dena, neurri batean edo bestean, ulertzeko gai gara eta badakigu hausnarketa eta irizpen horien iturria, nola edo hala, gure artetik ateratzen dela eta atera izan dela.

Beraz, hori da neurri txikian eta xumean adieraziz gure paradigma aldaketaren proposamena, nor gara Eskola Txikiak? Nolakoak gara Eskola Txikiak? Galdera horien erantzunen bila hasiko gara datozen urteetan. Galdera zahar hauek bide berriak zabalduko dizkigute, noski, galdera zaharrak, baina, aldi berean, berriak erantzun beharko ditugu. Gure ustez, momentu ederra da berriro ere Eskola Txikien esentziaren bila joateko, pertsonok eraikitako proiektu baten barnean gaude hemen gauden guztiok eta datozen urteetan jorratu beharreko erronka Eskola Txikion esentziaren bila joatea izango da, non dago esentzia? Pertsonetan. Pertsonak gara Eskola Txikien esentzia. Anitzak. Desberdinak, baina, erronka berdin baten bidean jarriak gaudenak edo jarri behar genukeenak.

 

Gehiago informatu nahi izanez gero …